2010/12/14

Eskutiz proposamena

    Aizue, inor animatuz gero, hona hemen IVAPek azaroaren 16an BECen egindako 3.HEko idatzizkoaren gutunaren gaia: "Zure lantokian lanpostu bat hutsik geratu da, eta postu hori betetzeko norbait bilatzen ari dira. Zeure burua proposatzeko asmoa duzu lanposturako, horretarako ezagutza eta eskarmentu nahikoa duzulakoan. Idatz iezaiozu zerbitzuburuari zure proposamena, azaldu zergatik zaren egokia lanpostu hori betetzeko, eta saia zaitez bera konbentzitzen".
   Ea, ekiozu idazteari!

2010/12/02

SARRERA: gaia girotzen.

Sarrerak gaiaren nolabaiteko hurbilketa du helburu, paragrafo honetan astiro-astiro irakurlea gaira erakarriko dugu. Horretarako azal-azaleko baieztapenak egin behar ditugu, noski, gero datozen paragrafoetarako ideiak erre gabe. Ezinezkoa da, beraz, hurrengo paragrafoetan garatuko diren ideia nagusiak (alde txarrak, alde onak, arrazoiak, ondorioak, irtenbideak, norberaren eskarmentua...) sarrera edo hasiera honetan adieraztea. Ikus ditzagun sarrerak egiteko erak:

1-SARRERA: tesia.

Tesia paragrafoaren hasieran edo amaieran ager daiteke, idazlearen nahiaren arabera. Gogoratu idazlearen planteamenduaren ideiarik sendoena dela, hausnartuena, eta, era berean, irakurlearen buruan finkatuen geratuko dena. Esaldi biribila izaten da, zalantzarik gabekoa. Adibidez:

-"Konpromiso handia da animaliak oparitzea, gu bilakatzen baikara horien morroi" (Gaia: Animaliak oparitzea, moda berria)

-"Zerbait ari gara gaizki egiten, izan ere, gazte horiek harrera etxeetako hezitzaileengandiko tratu txarrak salatu besterik ez dute egiten" (Gaia: Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak)